EN | EU | ES

Euskal Osasun Sistema

Euskadik herritarren beharrak estaltzeko osasun-azpiegitura zabala eskaintzen du Eusko Jaurlaritzaren Osakidetza- Euskal Osasun Zerbitzuaren edo osasun-zentro pribatuen bitartez.Atzerritar batek Euskadin lan egiten badu eta Gizarte Segurantzan kotizatzen badu, Gizarte Segurantzako Txartela jasoko du; bertan, haren datu pertsonalak eta afiliazio-zenbakia azalduko dira. Gizarte Segurantzako afiliazio-txartelarekin osasun-txartel indibiduala eskatu daiteke etxetik gertuen dagoen osasun-zentroan. Txartel horren bidez titularrak eta haren familiartekoek tratamendu medikoa zein ospitaleko tratamendua jaso ahal izango dute.

Osasun publikoa

Osasun-txartel indibiduala
Osasun Txartela da Osasun Sailak bermatzen dituen osasun-zerbitzuak erabili ahal izateko herritar guztiek behar duten egiaztagiria. Osasun Txartela eskuratzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.

Kudeaketa-prozedura:
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetan bideratuko dira hala eskatzen duten pertsonen Osasun Txartelaren eskabideak.

Eskabideaz gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Eskatzailearen identifikazio-agiriaren kopia (NAN, familia-liburua, pasaportea edo baliokidea).
  • Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatua dagoela adierazten duen ziurtagiri edo erroldatze-agiria.
  • Jatorriko Erkidegoko Osasun Txartela, egoitzaz aldatu bada.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zentroei buruzko informazio gehiago webgune honetan.

Osasun pribatua

Osasun pribatua nahi dutenek Espainiako Estatuan estaldura duen gaixotasun-aseguru bat kontratatu dezakete beren jatorrizko herrialdean, edota Euskadin dagoen edozein mediku-sozietate pribatu kontratatu dezakete.